Cándido de Iturriaga y María de Dañobeitia Fundazioa (aurrerantzean, IDF) ondare-fundazioa da. María Francisca Iturriaga Dañobeitiak (Maryk) sortu zuen, 1965ean, Cándido de Iturriaga eta María Dañobeitia gurasoengandik herentzian jasotako ondasunen ekarpena eginez (gurasoen ohorez, haien izena du Fundazioak), fundazio-estatutuetan azaltzen den xedearekin:
“Nekazari, abeltzain eta, oro har, baserrian jarduten duten pertsona guztien prestakuntza eta sustapen pertsonala, soziala eta teknikoa, baita, sustapen horren lagungarri, jardueraren inguruko azterketa, ikerketa eta onuradunen egoera errealarekin bat datorren trebakuntza ere, baserritar horiek lanbidean arduratsuago senti daitezen, eta, horrela, euren ingurune sozialaren eboluzioa eragin dezaten. Orobat, nekazarien bizimodua hobetzea alderdi guztietan: lehen sektorea garatzea; ingurumena eta ondarea zaintzea, eta garapenerako lankidetza eta laguntza. Patronatu Batzordea da eta izan da Fundazioaren gobernu-organorik gorena”.
Xede sozialak jasotako arlo guztiak indar handiagoz edo txikiagoz bultzatu ditu IDF Fundazioak 57 urtetik gorako historian. Honako hauek azpimarra daitezke:
- Nekazaritza- eta landa-gaien inguruko tokiko eta nazioarteko ikerketak eta azterketak.
- Baserritarrak eta nekazaritza-teknikariak trebatzea, prestakuntza-zentro eta garapen-programekin elkarlanean.
- Tokiko eta garatzeko bidean dauden herrialdeetako nekazaritza-kooperatibei eta -elkarteei laguntzea.
- Gizarte-alorreko erakunde eta elkarteetan parte hartzea.
- GKE-ek lekuan bertan sustatutako garapen-programak aldizka sostengatzea.
Baliabide propioak ez ezik, pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuen baliabide ekonomikoak ere eskuratu ditu IDFk bere fundazio-helburuak betetzeko eta Patronatuak onartutako programak burutzeko. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu pertsona eta erakunde haiekin.
Helburu horiek garatzeko, bi bide hartu ditu IDFk historian zehar:
- Lehenbizi, honako hauek sustatu ditu IDFk: ikerketa eta proiektu esperimentalak, asoziazionismoa, nekazaritza-sindikalismoa eta -kooperatibismoa, nekazaritza eta abeltzaintza kudeatzeko zentroak. Gainera, berrikiago, ikerketa hau ere sustatu du: “Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen eta basogintza-zurgintzaren etorkizuna”.
- Bigarren fase batean, baziren hobekuntza- eta garapen-planak bultzatzeko nahikoa gaitasuna eta bitartekoak zituzten erakunde eta elkarteak, eta euskal administrazioak erabat garatuta eta finkatuta zeuden jada. Beraz, IDFren jarduna hainbat erakunderekin hitzarmenak egitera bideratu zen, barne-kontroleko mekanismo zorrotzak ezarrita, Fundazioak erakunde horien helburuak betetzeko baliabide ekonomikoak emate aldera. Horrelako hitzarmenak sinatu ditu, adibidez, Munduko Landagunearekin, nazioarteko lankidetza eta familia-nekazaritza sendotzeko, baita Zaragozako Instituto Agronómico Mediterraneo erakundearekin ere, kasu horretan euskal ikasleei eta garatzeko bidean dauden herrialdeetakoei graduondoko bekak emateko. Era berean, lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu Neikerrekin (bekak), Zadorra Fundazioarekin (nekazaritza birsortzailea), BC3-ekin (abeltzaintza klima-aldaketaren testuinguruan), HAZIrekin eta PROSPEKTIKERekin (Euskadiko nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta basogintzaren etorkizuna), eta ENDAA Elkartearekin (LANAGRO proiektua).
- Prestakuntza izan da eta izango da Fundazioaren historiako atal garrantzitsuenetako bat, bai nekazaritzako elikagaien arloan etorkizun profesionala aurkitu nahi duten jarduneko profesionalen eta gazteen prestakuntza, bai arlo horretan zerbitzuak eman nahi dituzten teknikariena.
Era berean, Fundazioaren DNAren osagai garrantzitsuak dira nekazaritzako asoziazionismoa babestea, eta nekazaritzaren garapen globalarekiko konpromisoa eta ekintzaile berriak sustatzea.
IDFren aberastasun nagusia Patronatu Batzordean parte hartu duten pertsonak dira, askotariko jatorria izanda eskuzabaltasunez jardun eta arduratu baitira bete dituzten postuetan. Batzordekide guztiek ondo baino hobeto ezagutzen dute Euskadiko lehen sektorea, eta, beren enpatiari eta erabakigarritasunari esker, IDF-k sektorean eginkizun garrantzitsua betetzea lortu du.
Gure webgunea bisitatzen duzuenoi hartaz gozatzeko gonbita egiten dizuet. Orrialdeotan zuen bizitzako zereginetarako inspirazioa eta kemena aurkitzea espero dut.
Dunixi Gabiña
IDF Fundazioko lehendakaria.