María Francisca Iturriaga Dañobeitia, Mary, Erandion jaio zen 1912ko urtarrilaren 22an. Aita Laukizko armadorea zen, eta ama, Loiuko baserritarra.
XX. mendearen hasieran, Bilboko jarduera ekonomikoari eta itsas trafikoari esker, Maryren aitak, Cándido Iturriagak, ondare higiezina lortu zuen, Txorerrin eta Mungialdean maizterrak bota nahi zituzten jabeei baserriak erosiz. Cándido-ren helburua baserri haien erabiltzaile historikoek euretan jarraitzea zen.
Familia aberats eta aldi berean solidario batean hazi zen Mary. Jainkozalea zen, egoerarik larrienean zeudenei laguntzen zien, eta konpromiso politikoa zuen euskararekin eta Euskal Emakume Batzarekin; izan ere, elkarte horretako idazkaria izan zen Bilbon, 1936ko gerraren aurretik. Gerra piztu zenean, Frantziara erbesteratu zen, eta ondoren, Begikara. Bruselan, gizarte-laguntzaile gisa zeukan prestakuntzari esker, laguntza ordainezina eman ahal izan zion herrialde haietako euskal diasporari. 1946an, bere aita gaixotu eta hil egin zen. Mary, bihotzmin handiz, Bruselan egonik, ezin izan zen azken egun haietan aitaren ondoan izan.
Maryren ezaugarriak zorroztasuna, eskuzabaltasuna eta irmotasuna ziren, eta sutsu egiten zien aurre erronkei.
Euskadira itzuli zenean, Irungo “Palmera” fabrikan egin zuen lan (1957. eta 1958. urteetan), eta langile eta kristau giroetan mugitu zen; baztertu eta babesgabeei laguntzeko ahalegin berezia egin zuen. Urte haietan, alkoholikoak eta gaixo psikikoak osatzeko erdibideko etxeak interesatu zitzaizkion.
Mary-ren ama 1962an hil zenean, ahizpak eta Mary-k berak aitaren oinordetzan zegozkien ondasunak jaso ondoren, gerora Fundazioa izango zena lantzen hasi zen.
1965eko apirilaren 20an, Mary-k Luciano Teijeiro Areetako (Getxo) notarioaren bulegora jo zuen, Cándido Iturriaga eta María Dañobeitia Fundazioa sortzeko; bere gurasoen oroimenez aukeratu zuen izen hori.
Mary-k bere ondare eta finantza-ondasunak erabili nahi zituen helburu baten zerbitzura: Bizkaiko nekazarien ekoizpen eta bizi baldintzak hobetzea.
Gerora Iturriaga Dañobeitia Fundazioa (IDF) deiturikoa erakunde misto gisa sortu zen (ongintza eta irakaskuntza erakundea ere baitzen), iraunkorra eta nortasun juridiko propioarekin; bere helbidea Asua-Erandion izanik jaio zen.