Skip links

Zer egiten dugu?

Ardi eta behi-abeltzaintzako formakuntza sustatzea

Cándido Iturriaga Fundazioak uste osoa du formakuntza garapen pertsonalerako eta profesionalerako bitarteko eraginkorra dela.

Hori dela eta, Fundazioak abeltzain berrien prestakuntza babesten du urtero, ikasleentzako beken bidez. Horretarako, prestakuntza-proiektu arrakastatsuarekin kolaboratzen du: Artzain Eskola, urtero dozena bat abeltzain berri trebatzen dituena.

Horrez gain, ahaleginak biderkatu ditu Fundazioak 2021az geroztik, beste prestakuntza-proiektu bat ere sustatuz: “Behizain Eskola”.

Informazio gehiago

Euskadiko landa-ekintzailetza bultzatzea

Enpresa berriak sortzea garrantzi handikoa da gaur egun tokiko garapen ekonomikoari begira. Eta eginkizun hori hiri-ingurunean zaila bada, beste zailtasun batzuk gehitu behar zaizkio landa-ingurunean: lanesku urria, zerbitzu-eskaintza eskasa, garraio-kostu handiagoak eta abar.

Gauzak horrela, erakunde publiko eta pribatuek ahalegin berezia egin behar dute, landa-ekintzailetzarako bokazioa duten pertsonek euren ekimenak arrakastaz gauzatu ahal izateko baldintza egokiak sortzeko.

Iturriaga Dañobeitia Fundazioak urtero laguntzen die landa-ingurunerako ekintzailetza-proiektuak dituzten pertsonei, Euskadiko Landa Garapenerako Elkarteekin elkarlanean.

Enplegu gehiago eta hobea Euskadiko lehen sektorean

Nekazal langileen merkatua guztiz disfuntzionala da Euskadiko lehen sektorean. Alde batetik, langileek behin-behineko lan-kontratuak dituzte (egun edo aste batzuetakoak), soldata apalekoak eta inolako etorkizun perspektiba gabe. Beste aldetik, kontratatzaileek erronka garrantzitsuak dituzte, hala nola lanesku urria, hautagaien prestakuntza eskasa, eta administrazio-zama gero eta handiagoa, besteak beste.

Testuinguru horretan, ez dago batere estimulurik enplegua egonkortzeko, prestakuntza-maila handitzeko eta teknologia berriak eskuratzeko.

LANAGROk lehen sektoreko lanesku-merkatua antolatzeko beste modu bat proposatzen du, behin-behinekotasuna eta prestakuntza urria nagusi diren eredu batetik egonkortasuna, gizarteratzea eta laneratzea, prestakuntza eta zerbitzu-kalitatea ezaugarri dituen beste eredu batera igarotzeko. Hain zuzen, LANAGROk kontratu egonkorra egingo die sasoiko langileei, etengabeko prestakuntza emango die eta nekazaritzarako erreminta txikietan inbertituko du. LANAGROk zerbitzu profesionala eskaintzeko aukera izango du nekazariei eta nekazaritzako elikagaien industriari.

Laneratze-enpresa gisa sortuko da LANAGRO, Arabako landa-inguruneko lehena.

Informazio gehiago hemen

Lehen sektorearen errentagarritasuna etorkizunean hobetzeko formula berritzaileak aztertzea

Lehen sektorearen errentagarritasunik eza oztopo handia da hari eusteko eta belaunaldi-errelebua gauzatzeko.

Arazo horri aurre egiteko, epe laburreko neurri ugari jarri behar da martxan, ustiategiak ixtea saihesteko. Era berean, epe ertain eta luzeko beste neurri batzuk abiarazi behar dira, sektorearen etorkizun bideragarria bermatzeko.

Iturriaga Dañobeitia Fundazioa bi bide berritzaile aztertzen ari da zentzu horretan: zerbitzu ekosistemikoengatiko diru-sarrerak eta karbono-kredituak.

Lehen sektoreari buruzko analisiak, txostenak eta azterketak

Iturriaga Dañobeitia Fundazioak lehen sektoreari lotutako jakintzaren sorrera sustatzen du. Horri esker, kalitateko informazioa eskuratzen du bere zeregina behar bezala betetzeko, eta, gainera, jendaurrean ezagutarazten du informazio hori, sektoreari laguntzeko asmoz.

Besteak beste, «El Caserío Vasco» («Euskal baserria») obra agindu eta finantzatu zuen Fundazioak. Obra hori 1977. urtean argitaratu zen, eta erreferentziako dokumentua izan zen garai hartako sektorea ulertzeko eta hobekuntza-ekimenak prestatzeko.

Azpimarratzeko moduko beste argitalpen bat hauxe izan zen: «Estudio sobre el futuro de los sectores agroalimentario y forestal-maderero de Euskadi. Diagnóstico y análisis de tendencias» («Euskadiko nekazaritzako  elikagaien sektorearen eta basogintza-zurgintzaren etorkizunari buruzko ikerketa»).

Horrez gain, Fundazioak babesa eman du lehen sektoreari lotutako hainbat tesi eta ikerlan burutu ahal izateko.

Sektorearen garapena sostengatzeko asmo horri eutsita, jendearen eskura jartzen dugu jakintza hori guztia, erabat doan, gure liburutegi birtualaren bidez. Hemen duzu ikusgai.

Nekazaritza-ikerkuntzarako bekak, CHIEAMekin eta BC3rekin elkarlanean

Iturriaga Dañobeitia Fundazioak bekak eman dizkie hasiera-hasieratik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatu edo haiei lotutako ikerlanak egin nahi zituzten ikasleei.

57 urte geroago, teknikariak prestatzen eta sektorearen aldeko jakintza sortzen jarraitzen du Fundazioak.

Gaur egun, Zaragozako Instituto Agrario Mediterraneo (CIHEAM-IAMZ) erakundearekin eta Klima Aldaketa Ikergai (BC3) zentroarekin elkarlanean ematen dira bekak.

Informazio gehiago: https://www.iamz.ciheam.org/es/about/ciheam/who_we_are eta https://www.bc3research.org/index.php

Familia-nekazaritza nazioartean sustatzea

Munduko biztanleriaren % 30ek familia-nekazaritzan jarduten du, eta mundu osoan kontsumitzen ditugun elikagaien % 80 ekoizten du (FAO, 2014). Beraz, funtseskoa da kolektibo horren lan- eta bizi-baldintzak hobetzea.

Iturriaga Dañobeitia Fundazioak irmoki babesten du helburu hori, Munduko Landagunearen bidez. Izan ere, nazioarteko erakunde horrek Euskadin du egoitza, eta eginkizun nabarmena hartu du mundu mailan familia-nekazaritza sustatzeko. Munduko Landaguneak bost kontinenteetako 35 milioi familia-nekazari elkartzen dituzten erakundeak hartzen ditu bere baitan, eta lankidetza estua du Nazio Batuetako Erakundearen hainbat agentziarekin.

Informazio gehiago aurki dezakezu hemen.